SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteak egia ezagutzeko babesa eskatu dio alkateari
Haur lapurtuen aferan kaltetutako Losa Ocariz sendia eta SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteko kideak Donostiako alkatearekin bilera egin dute gaur goizean. Egia ezagutzeko laguntza eskatu diote Juan Karlos Izagirreri, eta “beste alde batera ez begiratzeko”. Urte luzez “erakundeen babesik ez dutela izan” adierazi dute. Kasuak argitzeko informazioa lortzeko bidea erraztea, eta ikertzeko babesa eskatu dute; baita bilerak egin ahal izateko gela bat, eta diru-laguntza ere.
Joan den astean Mercedes Ocarizen alabaren hilkutxa atera zuten Polloetik. Epaitegiak plazaratu zuen ez zutela gorpurik agertu, eta hutsik zegoela. Gipuzkoan, haur lapurtuen afera dela-eta lehen aldiz lortu zuten hobi bat ateratzea. Bigarrena Itsasondon izan da, gaur bertan. Gipuzkoan beste hamabi eskaera daude lurperatutako senideak hobitik ateratzeko.