Donostiako Genozidioaren Biktimen elkarteak alkatearekin bilera egin du
Oroimen Historikoaren Legea ardatz hartuta, Donostiako Genozidioaren Biktimen elkarteak hiriak Frankismoaren biktimekin duen zorra kentzeko eskatu dio Juan Karlos Izagirre alkateari. Atzo arratsaldean egin zuten bilera, eta gaur prentsa agerraldia egin du elkarteak, alkateari egindako eskaerak plazaratzeko.
Frankismoaren biktimak eta “erresistentzia antifaxista” ez ahazteko oroitarriak jartzeko eskatu dute. Bulebarrean, “frankistek eraildako 400 donostiarren izenak gogora ekarriko dituen monumentu bat”. Gipuzkoa plazan, “faxismoaren aurka borrokatu ziren 500 boluntarioen izenak erakutsiko dituena”. Urbieta kaleko Amara eskola, Easo plaza, udaletxea, Bulebarra, Maria Kristina hotela eta Loiolan, “erresistentzia antifaxista gogora ekarriko duten plakak nahi ditugu”. Ondarretako espetxean, eta herritarrak fusilatuak izan ziren lekuetan (Bidebieta, Ulia, Burdinazko zubia) monolitoak jartzea ere eskatu dute. Bestalde, “izaera faxista izan zuten pertsonen izenak” kale izendegitik kentzea nahi dute: Luis Pradera, Elosegi alkatea, Pio XII. eta Satrustegi etorbidea, esaterako. Silva Muñoz ministro frankistari Hiritar Merezimenduaren Urrezko Domina kentzeko ere eskatu dute.