Irutxuloko Hitzak zuzenean emango du San Sebastian eguna
Irutxulo.hitza.eus -n; Facebooken, Irutxuloko Hitza orrialdean; eta Twitter-en, @irutxulo.
Bihar arratsaldean bertan hasiko da lehen berriak plazaratzen. Hiritar Merezimenduaren Dominen ekitaldian izango baita Irutxuloko Hitza, eta aurtengo saridunen adierazpenak jasoko ditu.
Bandera igotzeko momentua gero eta gertuago dagoenean, ia gauerdia denean, Parte Zaharreko giroaren lehen irudiak emango ditu. Konstituzio plaza lepo beteko duten herritarrenak, San Sebastian martxa jotzeko prest eta gogotsu egongo diren Gaztelubideko danborrarienak… eta ondoren, jaiaren momentu zirraragarrienetakoa… «Baaaagera, gu ere bai!». Liburutegi Nagusiko balkoitik bertatik kazetari batek banderaren igoeraren berri emango du, eta zuzenean izango dira ikusgai irudiak eta kontakizuna webgunean.
Antiguako sansebastianak
Festak eztanda egin eta gero, 24 orduko festaren irudi eta bideoak jasoko ditu. Parte Zaharran bakarrik ez, Antiguan ere izango da Irutxuloko Hitza. Bertan ere banderaren igoera egiten dutelako, eta sansebastian jaietan murgildurik daudelako joan den astetik. Bertako ospakizun eta danborraden jai giroarekin bat egingo du egunkariak.
Parte Zaharreko kaleetan, festaren lehen orduetan aterako diren elkarteetako danborradak ere ez ditu galduko. Horiek ere albiste izango dira egunkariaren webgunean eta sare sozialetan.
Irutxuloko Hitzak ostiral goizean jarraituko du San Sebastian egunaren berri ematen. Eguerdian haurrak izango dira jaun eta jabe Erdialdeko kaleetan. Hainbat ikastetxetako haurren irudiak egingo ditugu, eta unean-uneko argazki horiek edizio digitalean izango dira ikusgai.
Urrezko Danborraren jarraipena ere egingo du. Fortuna kirol elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak saria jasotzen duenean bertan izango dira kazetariak, haien irudi eta adierazpenak jasotzeko.
Auzoz-auzo
Arratsaldean, berriz, auzoz-auzo ibiliko da Irutxuloko Hitza. Helduen danborraden berri emango du, bezperan egin bezala. Festaren azken orduak ere ez ditu galduko. Festa handirako prestatutako jarraipena ez galtzeko, sartu webgunean, egin zaitez egunkariaren Facebook orrialdearen zale, edo jarraitu albisteak Twitter-en.
Lehen aldiz egunkariaren webgunearen eta sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira jaiaren inguruko albiste guztiak. Antiguako sansebastianen jarraipena ere egingo du egunkariak
Hiritar Merezimenduaren Dominak, Banderaren igoera, Haur Danborrada, Urrezko Danborraren ekitaldia, Antiguako sansebastianak, kalera aterako diren hamaika elkarteen danborradak, festa, jai giroa… San Sebastian egunaren unerik garrantzitsuenak jasoko ditu Irutxuloko Hitzak. Unean-uneko albisteak emango ditu webgunean,