Donostiarrak, zeruari begira
Iragarpen guztien arabera, eguraldiak kale egingo du bihar San Sebastian egunean. Gaur gauerako euri arina iragarri dute, eta biharko, euri zaparradak. Haur Danborrada bertan behera gera liteke, euria dela-eta. Halere, Maria Jesus Torres Donostiako Festak arduradunaren hitzetan, “euri zaparrada handia bota beharko luke bertan behera uzteko”. Haur Danborrada 1981ean utzi behar izan zuten bertan behera azken aldiz. “Alderdi Ederren izango gara bihar 10:30ean. Eta han bertan erabakiko dugu Haur Danborrada kalera aterako den ala ez. Igeldoko meteorologia institutuarekin, udal babes zibilarekin eta udaltzaingoarekin harremanetan jarri, eta erabakia hartuko dugu. Ondoren sms baten bidez danborrada eta komunikabide guztiei jakinaraziko diegu gure erabakia”, adierazi du Torresek. Haurrak bihar ez badira ateratzen, igandean irtengo dira kalera.