Etxean edo ostatuan, gulak edo haragia...

Kiloko 800 eurotan saltzen ari dira angulak San Sebastian eguna baino lehen. (Argazkia: Mikel Goñi).Mikel Goñi
San Sebastian eguna ordu gutxi barru hasiko da, afari jendetsu eta dotoreak egingo dituzte donostiar askok, danbor hotsen zain.
Sebastian bat omen da zeruan, eta Donostian ba omen dago angulak jango dituenen bat. Garai batean, hiriaren patroiaren eguna ospatzeko, zizare moduko arrain txiki horiek jatea ohitura zela diote zaharrenek. Egun kiloa 800 euroren bueltan dago, eta aspaldian bilatu dizkiete ordezkoak koadriletan, jatetxeetan eta elkarteetan urtarrilaren 19an egiten diren afarietarako.
Santo Tomas egunean hasitako afari eta bazkari potoloen segidari gaurko afariak eta biharko bazkariak emango diote bukaera. 24 orduko jaia behar bezala hasteko, gaurko afaria berezia izaten da familia, koadrila eta elkarte askotan. Modu honetan, zaila da lagun multzo batentzat afaltzeko tokia aurkitzea gaurko partez.
Parte Zaharreko Suhazi jatetxeko langileek adierazi dutenez, «aspaldian dugu gaurko erreserbak hartuta». Modu berean erantzuten dute auzo horretako ostatu askotako arduradunek. Hala eta guztiz ere, batean baino gehiagotan, oraindik ere, ordu gutxi barru zerbitzatuko duten menu berezia iragartzen duten kartelak ikus daitezke.
Kartelak ere erabili dituzte elkarte askotan beraien kideei gaurko afarian zer aurkituko duten jakinarazteko. Parte Zaharretik irten gabe, Amaikak-Bateko bi kide daude ate ondoa zaintzen. Atzeko aldean, gaur misera, arrain zopa, solomiloa eta beste gutizi jango dituztela iragartzen duen kartela dago. Jaiaren azkeneko prestatze lanetan ari dira. Altuenak adierazi duenez, «beti bezala, azken momentuan egin beharreko asko daude». Besteak baieztapena zehaztu du: «Eta beti behar baino jende gutxiago gaude lanerako».
Hiru egun afaria prestatzeko
Peña Anastasio danborradakoen afarian ere misera izango da, baita Trinitate plazaren gaineko Gastronomikan ere. Bertako sukaldari Iker Urangak asteartean hasi zen gaurko afaria prestatzen. Menua pentsatzeko beharrik ez zuen izan, «aldaketa gutxirekin, urtero berdina prestatzen dugulako». Funtsean salda, aipatutako itsaskia, solomilloa eta, «Gorrotxategik prestatzen dizkigun bizkotxo danbor politak».
Elkarteen menuetan aspaldiko partez ez dira angulak azaltzen. Eta San Lorenzo kaleko arrandegi bateko saltzaileak dioenez, «egia esan ez dira 800 euro ordaintzeko modukoak, nahiz eta aurten oso onak ekarri ditugun. Dena den, bakailao eta legatza kokotxak nahiago dituzte bezero askok»
Baten batek pentsa lezake, angulen faltan, gulak izango zirela ordezkoak, baina toki askotan benetakoen faltan oso bestelakoa nahiago izan dute afaltzeko. Uranga sukaldariak oso argi dauka. «Nik ez nituzke gulak jarriko, edo angulak jan edo bestela utzi. Horietarako urte osoa dugu eta».
Gauzak horrela, Irutxuloko Hitzak koadrilarekin etxean afaltzeko menua proposatzeko eskatu dio Urangari. Aise erantzun du sukaldariak. San Sebastian eguna izanik, hemengo plater bat aukeratu du hasteko. «Txangurro labean, donostiar eran prestatua; hori, gainera, prestatua eros daiteke». Bigarren plater gisa haragiaren alde jo du. «Karrilera patatekin, parranda luzea da gaurkoa eta sabela ondo beteta irten behar da etxetik». Ordu gutxiotan prestatzeko modukoa.
Badira zizare tankerako arraintxo horien ordezkoak; beraz, ez dadila inor behar bezalako afaria egin gabe gelditu. Etxean edo ostatuan, gulak edo haragia…


