Caja Laboral izango du etsai
Klubaren historia laburrean harritxo bat jarri eta lehen aldiz Koparako sailkatzea lortu du Lagun Arok
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek eta Caja Laboral Baskoniak elkarren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako final-laurdenetan, halaxe erabaki baitzuen, atzo eguerdian egindako zozketak. Sito Alonsok zuzentzen duen taldea ongi baino hobeto bideratua dago eta, igandean Murtziaren aurka garaipen berri bat lortzeari esker, sailkapeneko lehen zortzien artean sartu eta Koparako sailkatzea lortu du, lehen aldiz. Zozketaren berri izan eta lehenengo adierazpenak segituan entzun ziren. Pablo Prigioni Caja Laboraleko jokalariak esan zuen Lagun Aro dela «sasoirik onenean dagoen taldeetako bat», eta bete-betean jokatu beharko dutela. Sergi Vidal Lagun Aroko jokalariak, berriz, bere taldearen azken asteetako bolada ona azpimarratu zuen.
Kopako gainontzeko kanporaketak honakoak izango dira: Bartzelona-Lucentum Alicante; Real Madril-Fuenlabrada; eta Unicaja-Cajasol Banca Civica. Lagun Arok Baskoniari irabaztea lortzen badu, Bartzelona-Lucentum Alicante kanporaketako garailearen aurka jokatuko du finalerdietan.
Bartzelonan jokatuko dute Kopa. Otsailaren 16an eta 17an final-laurdenak izango dira (19:00etan eta 21:30ean), 18an finalerdiak (18:00eta eta 20:30ean), eta 19an finala izango da, 18:00etan. Iaz Bartzelonak eraman zuen kopa etxera, baina Baskoniak sei aldiz lortua du titulua.
Sarrerak salgai
Lagun Aro GBCko zaleek Bartzelonako Palau Sant Jordin jokatuko duten Koparako sarrerak erreserbatu ditzakete dagoeneko. Izan ere, klubak abonamenduak zaleen eskura jarri ditu dagoeneko. Sarrerak erosteko bai klubaren Anoetako bulegora jo daiteke, edo posta elektronikoz edo faxez egin daiteke eskaera. Hori bai, GBCko bazkideek izango dute lehentasuna eta erreserba egiteagatik ez dituzte sarrerak ziurtatuko. Prezioak honakoak dira: 110 euro, 205 euro edo 400 euro.
Klubeko bulegoan erreserba egiten dutenek kreditu txartelaren bidez egin dezakete ordainketa. Fax edo posta elektronikoaren bidez egitea erabakitzen dutenek, berriz, 2101-0206-15-0011982261 kontu zenbakian egin behar dute transferentzia, izena eta abonatu zenbakia adieraziz. Transferentziaren frogagiria gipuzkoabasket@gipuzkoabasket.com posta elektronikora edo 943-47 20 49 fax zenbakira bidali beharko dute hurrengo datuak adieraziz: Pertsona onuradun bakoitzaren izen eta bi abizenak, NAN zenbakia, telefonoa, eta bazkidea bada, bere zenbakia. Eskaria egiteko azken eguna urtarrilaren 26a izango da.


