Errepresioaren aurkako herri harresia osatzeko deia egin dute
Eskubide zibil eta politikoak defendatzeko herri harresia sortzeko beharra adierazi dute hiriko hainbat eragilek udaletxean, eguerdian egindako agerraldian. Datozen asteetan ezagutzera emango dute bide horretan aurrera egiteko dinamika.
Egungo testuinguruan, “batzuek Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko urrats esanguratsuak” egin dituztenean, beste batzuek “etengabeko traba eta erasoak” eskaintzen dituztela nabarmendu dute. Horren adibide Alberto Gonzalez intxaurrondotarraren atxiloketa jarri dute. Konponbidearen aukera zapuztu nahi duen jarrera honen aurrean ideologia anitzeko herritarrak antolatu eta “erasoak geldiaraziko dituen” herri harresia eraikitzeko deia zabaldu dute.
STEE-EILAS, LAB, Amnistiaren aldeko mugimendua, gazte independentistak, Aralar, ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, EHNE eta Alternatiba dira dinamikaren sustatzaileak. Gazte independentistak-eko kide Eneko Pontestak Irutxuloko Hitzarekin hitz egin du agerraldiaren ondoren.