Txillardegiren lana aitortzeko erakunde adierazpena aurkeztuko du EAJk
Urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskalgintzaren alorrean egindako lana aitortzeko, erakunde adierazpena aurkeztuko du EAJk datorren astearteko osoko bilkuran. Udalbatzak euskara batuaren aldeko jarduna eta idazle gisa egindako ekarpena aintzat hartzea nahi du EAJk.
Jeltzaleek, halaber, beste mozio bat jarriko dute mahai gainean. Altzako eta EuskoTreneko eta Renfeko zerbitzuak lotuko dituen Loiolako Erriberako geltokiak eraikitzeko proiektuei “lehenbailehen” ekiteko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera da. Udal talde guztien adostasuna duten egitasmoak direla eta “ezerezean” geratzeko arriskua dutela jakinarazi du Eneko Goia bozeramaileak.