Altzako tren geltokiari buruz ezer ez zekitela salatu dute EAJk eta PPk
Urteko lehen udalbatzarra abian da, 13:00etan hasi baita. Bertan dira udal zinegotziak, aurkeztutako hamahiru erakunde adierazpen eta mozio mordoa adosteko asmoz. Eztabaiden artean, Altzako tren geltokiaren aldeko erakunde adierazpena bozkatzeko orduan, Eusko Trenen baliabide hori izan dute hizpide. Hain zuzen ere, EAJk eta PPk salatu dute goizean jakin dutela Altzako tren geltokiaren lehiaketa abian jarri dutela. Jeltzaleek, gainera, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak egindako esleipenak ez duela arazoa bere osotasunean konponduko, Altzan bukaerako geltokia egitea aurreikusita baitago atzo abian jarritako lehiaketaren arabera. «Altzatik Donostiara joateko aukera izango dute altzatarrek, baina ez Altzatik Hendaiara zuzenean. Horrela izanda, arazoa modu partzialean bakarrik konponduko litzateke», esan du EAJko zinegotzi Martin Ibabek. PPk, aldiz, konponbidea Donostialdeko Metroa eraikitzea dela azpimarratu du. Donostiak metroa beharrezkoa duela berretsi du, baita azkenean egin, egingo dutela ziurtatu ere.
Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen atzo Altzako tren geltokiaren eta Herrera eta Altza arteko trenbide bikoizketaren lanen lehiaketa. Albiste honen berri gaur goizera arte ez dutela jakin salatu dute, hain justu, EAJk eta PPk; berria komunikabideen bitartez jaso dutela kritikatu dute.