Eski Alpinoko Munduko Kopan hiru domina eskuratu ditu Santacanak
Urrezko, zilarrezko eta brontzezko garaikur bana bereak egin ditu ikusmen arazoak dituen eskiatzaile loiolatarrak
Eski Alpinoko Munduko Kopa Paralinpiarraren lehen proba jokatu dute jada, Italiako Arta Terme estazioan. Miguel Galindo gidaren laguntzarekin parte hartu du bertan, Jon Santacana eskiatzaile loiolatarrak. 2012ko Kopako lehen proban hori, hiru lehietan banatu dute, bi eslalom erraldoi eta eslalom bat. Santacanak hiru domina eskuratu ditu. Lehen eslalom erraldoian, brontzezko domina eskuratu zuten, bi txandatako denborekin 2:27:77 minutuko denbora osatuz. Bigarren eslalom erraldoian, urrea lortu zuen Santacanak, 1:12:04 eta 1:07:11 minutuko denborekin bi txandak irabaziz. Azkenik, eslalomean, zilarrezko domina eskuratu zuen (1:47:03).
La Molina eta Amerika
Behin Italiako proba bukatuta, Herrialde Katalanetan izango dituzte hurrengo lehiak. Izan ere, Kataluniako Pirinioetako La Molina estazioan jokatuko dute Kopako bigarren proba, otsailaren 7tik 9ra.
Behin La Molinakoa bukatuta, Amerikara jauzi egingo dute. Bertan jokatuko dituzte Kopako hirugarren eta laugarren probak. Martxoaren 6tik 9ra, Estatu Batuetako Winter Park hirian jokatuko dute hirugarren proba, Floridan. Kopari bukaera emango dion proba, berriz, Kanadan jokatuko dute, Panoraman, martxoaren 13tik 16ra bitartean.

