Etxetxo, egiatarren hornitzailea
Ametzagaina parkearen parean Joserra Mikeok landatutako barazkiak jaten dituzte Egiako kontsumo taldeko kideek.
Egiatarrei inguruan ekoitzitako barazkiak jateko aukera ematen die Egiako kontsumo taldeak. Horretarako lan egiten du Etxetxo baserriko Joserra Mikeok ere. Ekimena iazko irailean abian jarri zutenetik, kideak ase egin ez ezik, itxaron zerrenda ere osatu du, barazkia onak jateak duen erakarmenaren seinale.
Kontsumo taldeak ekoizlea eta kontsumitzaile izango den lagun multzoa behar ditu; ahal dela ingurune berekoak. Erosleek eta baserritarrak urtebeteko konpromisoa hartuko dute, batzuek erostekoa, eta besteak barazkiak zerbitzatzekoa. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuak (EHNE) 2011ko uztailean antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartu zuten Mikeok zein egiako hainbat auzotarrek, eta bertan entzundakoak animatu zituen bi alderdiak. Horren jarraian, eta auzoko kultur etxean egindako hainbat bileren ondoren, irailean abian jarri zen.
Bidezko merkataritza, elikagai subiranotasuna, jateko osasuntsuak… horiek eta bestelako kontzeptu batzuk dira kontsumo taldeen filosofian aurki daitezkeen osagaiak. Baina, funtsean esaldi bakarrean laburbil daitezke gertuko ekoizleari zuzenean erosteaaren abantailak: bitartekariei alferrik dirurik eman gabe, kalitatezko produktu osasungarriak gertuko nekazariari erosi ahal izatea.
Egiako kontsumo taldean Mikeok zehazten duenez, «hamahiru lagun daude». Baina horietako bakoitzak familia bat ordezka dezake. Beraz, askoz gehiago dira Etxetxo baserriko produktuak jaten dituztenak. Anderrek argitu du: «Guk, esaterako, bi otar hartzen ditugu hiru familiarentzat».
Bardeako arroza ere
Izan ere, otarra da astero-astero Mikeok taldeko kideei ekartzen dienaren neurria. Sasoiak eta lurrak emandakoarekin osatzen ditu Egiako baserritarrak hamahiru saskiak. «Hamar produktuetatik ez jaisten saiatzen naiz». Modu honetan, kantitatea ez ezik, barietatea ere zaintzen du. Astelehen honetan, adibidez, bi motatako eskarola, «egosteko leuna eta bestea», bi letxuga mota «ohikoa eta gorria», azalorea eta beste batzuk eraman dizkie Mikeok, astero bezala 19:00etan zain zituenei.
Mikeok Etxetxo baserriaren, eta ondokoaren lurretan, ditu baratzeak, Egiak eta Intxaurrondok bat egiten duten ingurutik gertu. Egurats zabalean eta negutegian hazten ditu barazkiak. «Oraindik ez dut zigilurik, baina era ekologikoan hazten ditut denak». Ametzagaina parkearen parean daude soroak eta neguaren tristurak ezin du bere emankortasuna ezkutatu. Udaberrirako planak ere baditu baserritarrak, kontsumo taldean hemezortzi bat lagun sartzeko zain daude. Apirila edo maiatza aldean 30 lagun zerbitzatzera iritsi nahi du egiatarrak. «Oiloak ere jarri nahi ditut, arrautzak ere taldera eramateko».
Hain zuzen ere, Egiako kontsumo taldeko kideek bere kabuz, edo Mikeoren bidez, barazkiez gain beste produktu batzuk ere eskuratzen dituzte. Astelehenean, Goierriko abeltzain bati haragia erosteko bidea zehazten ari ziren. Etxetxoko semearen bidez, berriz, «Bardean –Nafarroa– ereindako arroza, eta beste lekaleak» ekartzen dituzte.
Bada, horrenbestez, ondo jateko aukera produktuak bertatik bertara erosita, eta behar bezala ordainduta. Bilatu behar da, ordea, taldea osatzeko laguna.