Tabakalera proiektuak eta Donostia 2016 Hiriburutzak bat egitea baztertu dute
Gaur goizean Tabakalerako Administrazio Kontseiluak bilera egin du. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kultur zuzendaritza eta kudeatzaile postuak beteko dituzten pertsonen hautaketa prozesua hasiko dutela adostu du
Tabakaleraren kultur proiektua izan du hizpide gaur Administrazio Kontseiluak. Tabakalerak bere kultur proiektu propioa garatzen jarraituko duela erabaki du. Hala, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena, hau da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Tabakalera proiektuak bat egitea baztertu egin dute.
Bilera berean, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kultur zuzendaritza eta kudeatzaile postuak beteko dituzten pertsonen hautaketa prozesua hasiko dutela adostu dute. Lehiaketa publikoa abian jarriko dute. Kultur zuzendaritzaren posturako deialdian eta aurrekontuan abstenitu egin da Eusko Jaurlaritza.
Bestalde, 2012. urteari dagokion gastu arruntaren aurrekontua ere onartu dute. Administrazio kontseilua osatzen duten erakunde bakoitzak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, 375.000 euroko ekarpena egingo du.