Altzako zazpi sendik etxetik kanpo igaro dute gaua lur luizi baten eraginez
Altzako zazpi sendik etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua Jolastokietan izandako luizi baten eraginez. Bi eraikin hustu behar izan dituzte goizeko ordubatetan izandako gertakariaren ondorioz, bizilagunen segurtasuna bermatze aldera. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa bertara hurbildu dira, lur luizia dela-eta. Lehen azterketa egin eta gero, Jolastokietako 14. zenbakiaren ondoan dauden bi eraikinak hustea erabaki dute. Ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen dela Altzako inguru honetan, Errege bezperan ere lur luizia izan baitzen. Egunean zehar egingo dituzten azterketen ondorioz erabakiko dute bertako bizilagunak euren etxeetara itzultzen diren edo ez.