Harkaitz Canok, Iban Zalduak, Juan Aranzadik eta Jose Ramon Uriartek 'Euskal kultura eta gatazka politikoa' sinposioan parte hartuko dute
Etxepare Institutuak Alemaniako Konstanz Unibertsitatean antolatu du sinposioa. Imanol Murua, Arantxa Urretabizkaia, Maitena Etxebarria, Francisco Letamendia, Jesus Casquete, Gonzalo Alvarez Txillida, Mari Jose Ezeizabarrena eta Itziar Idiazabal ere izango dira bertan, otsailaren 13n eta 14an.
Alemaniako Konstanz Unibertsitateak euskal ikasketak hartzen ditu barne bertako curriculumean, eta euskal kulturaren ezagutza sustatzen du; Etxeparen Institutuaren laguntzarekin euskara eta euskal kulturako irakasleak dituzten gainerako 30 unibertsitateen kasuan bezala. Irakurletza horren sorrera izan dute, hain zuzen ere, Euskal kultura eta gatazka politikoa izeneko nazioarteko sinposioa antolatzeko aitzakia. Biltzarrak euskal gatazkaren inguruan hausnartzeko esparrua eskaintzea du xede.
Programan izango dira, besteak beste, Juan Aranzadi, Jesus Casquete, Francisco Letamendia eta Gonzalo Alvarez Txillida historialariak. Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait hizkuntzalarik ere parte hartuko dute; hala nola, Jose Ramon Uriarte, Maitena Etxebarria, Jose Mari Ezeizabarrena eta Itziar Idiazabal. Harkaitz Cano, Iban Zaldua euskal idazleak ere izango dira, baita Imanol Murua eta Arantxa Urretabizkaia kazetariak ere.