Inbertsioek udal aurrekontuan %43 egingo dute behera
Foru ekarpenean izandako desorekari erantzuteko udal gobernuak egin beharreko aldaketak egin ditu 2012ko udal aurrekontuan. 351 milioi eurokoa izango da aurrekontua, udalak parte hartzen duen erakunde eta organismo publikoen kontuak kontuan hartuta. Inbertsioetarako 56 milioi euro bideratu dituzte, iaz baino %43 gutxiago (95 milioi euro izan ziren 2011n). Krisiak diru sarrerak murriztu ditu eta Jabi Vitoria udaleko Ogasun ordezkariak argi utzi du, “ez dira kapital inbertsioak egingo baldin eta dagokien diru sarrerarik ez badago”.
Inbertsio atalean, Txomin Eneako etxebizitza egitasmoa, autobus geltokia, Tabakalera eta Urumea bailaran uholdeak ekiditeko neurriak hartzea jo ditu udal gobernuak lehentasun. Vitoriak, era berean, enplegua sortzea eta Erdialdetik urrunago dauden auzo eta herrien alde lan egitea zerrendatu ditu udal gobernuaren apustu.
Gastu eta diru sarrera arrunten atalean, 244,4 milioi eurotan zenbatu dituzte sarrerak eta 243,1 milioi eurotan gastuak. Iazko urtearekin alderatuta, 4,2 milioi euro gutxiago bideratu dituzte. Zerbitzu publikoak ez murriztea izan dutela helburu adierazi du Vitoriak. “Ez baititugu gastu bezala ulertzen, etorkizuneko inbertsio baizik”. Kulturak ere hiriko “ekonomiaren pizgarri” izan behar duela nabarmendu du. Donostia 2016 kultur proiektuaren alde egingo du Bilduk, hortaz. Hala nola, Zinemaldiak orain arteko laguntza (milioi bat euro) jasotzen jarraituko duela ziurtatu du. Kirol, auzo eta beste zenbait arlotako elkarteek jasotzen dituzten laguntzek, berriz, %10 egingo dute behera.
Neurri horiek guztiak indarrean jartzeko Bilduk beste udal talderen baten babesa beharko du. Bozeramaileen batzordeak egutegia finkatu beharko duen arren, oposizioko taldeek zuzenketak aurkezteko bi hilabete izango dituztela kalkulatu du Ogasun ordezkariak. Udalbatzak apirilean onar dezake 2012 urteko udal aurrekontua.