Uxotegiko batzordean nork parte hartuko duen erabaki dute
Astero egingo dituzten bileretan ondokoek parte hartuko dute: Juan Karlos Izagirre alkatea; Josetxo Ibazeta alkatearen idazkaria; Babes Zibil, Gazteria, Partaidetza eta Hirigintza zinegotziak; Hirigintza saileko teknikari bat; okupazioan parte hartu duten udaltzainak; eraikinaren jabe den familiako abokatua; gazteen abokatua; Ertzaintzako kide bat eta udaleko lau bozeramaileak.
Asteazkenero elkartuko dira 16:00etan eta bilera irekiak izango dira. Agerraldi guztiak bukatzerakoan, batzordeko presidenteak, Ramon Gomezek, ateratako ondorioak laburbilduko ditu eta txostena idatziko du. Udalbatzak onartu ala atzera botako du txostena ondoren.
Bilduk neutrala den kideren bat batzordean sartzeko egindako eskaerak ez du aurrera egin. Batzordea udalbatzak onartu zuela eta udal talde bakoitzeko kide batek parte hartuko zuela adostu zela kontatu du Ramon Gomezek batzordea hasi aurretik egin duen agerraldian.

