Lagun Arok Kopako lehen partida jokatuko du gaur, 19:00etan, Caja Laboralen aurka
Bartzelonan dago jada Lagun Aro GBC, Kopari aurre egiteko prest, bere historian lehen aldiz. Atzo goizean abiatu zen taldea Katalunia aldera, eta gaur jokatuko du final-laurdenei dagokien lehen partida, Caja Laboral Baskoniaren aurka. Donostiarren eta gasteiztarren arteko derbia 19:00etan hasiko da. Sito Alonsoren taldeak badaki ez duela batere lan erraza izango, ACB Endesa Ligako talde boteretsuenetakoa baita Gasteizkoa. Gainera, Kopako final-laurdenetan ez du partidarik galdu, 2000-2001 denboraldian Caceresen aurka galdu zuenetik. Edonola ere, zozketak erabakitako edozein talderen aurka ere ez luke batere lan erraza izango GBCk. Izan ere, Ligako lehen itzulian lehenengo zortzi postuetan geratutako taldeak gurutzatuko dira Bartzelonako Palau Sant Jordi kirolgunean, gaurtik igandera.
GBCko David Doblasentzat bereziki berezia izango da Kopa. Izan ere, 154 partida jokatu ditu Doblasek ACB Ligan, hau da, Donostiako taldeak Ligan jokatutako partida guztiak.
Ondoren, 21:00etan, final-laurdenetako bigarren norgehiagoka jokatuko dute Bartzelonak eta Lucentum Alicantek. Lehenengo bi partida horietako irabazleak elkarren aurka ariko dira larunbateko lehen finalerdian, 18:00etan. Bihar, berriz, Unicaja-Banca Civica eta Real Madril-Fuenlabrada partidak egongo dira jokoan. Talde horiek ere finalerdietarako postu baten bila ariko dira. Finala igandean izango da, 18:00etan.


