Donostiabuseko plan estrategikoa berritzearen aldekoa da Arrue
Inbertsioetarako dirurik ez dagoela eta murrizketak egin behar izatea bolada honetako lelo bilakatu dela gogoratu du PPko zinegotziak. Bada, lelo horrekin bat egiten ez duen plan estrategikoa duela Donostiabusek azaldu du Jose Luis Arruek. «Planak jasotzen dituen helburuak betetzeko udalak egin beharreko ekarpena 6,1 milioi eurotan handitu beharko du», kontatu du.
Gastua txikitu behar dela eta nondik murriztu badagoela adierazi du PPko zinegotziak. Erregaien kontsumoan 4,3 milioi gastatzea aurreikusi dutela dio Arruek. Kopuru hori, ordea, txikitu daitekeela ziurtatu du. Urtero, bestalde, sei autobus berri erosten dituztela azaldu du: erosi beharrean alokairura joz, ala autobusen bizi iraupena luzatuz aurrez daitekeela dio.
Donostiabus enpresa publikoa dela, alegia, ehuneko ehunean udalarena dela azaldu du Arruek. Hori dela eta, udal gobernuak “ezin dituela autobus konpainian irizpide batzuk defendatu, eta udaletxean beste irizpide batzuen alde egin” zehaztu du.
