Minikopan irudi ona utzi du Lagun Aro Gipuzkoa Basketek
Lehen taldea bezala, Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko infantil mailako gazteak duintasunez lehiatu dira Bartzelonan jokatutako Minikopan. Bertako jokalariz soilik osatutako talde bakarra izan da.
Bartzelonako Kopan lan duina egin zuen joan den astean Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko lehen taldeak. Donostiako klubaren historia laburrean txapelketa horretan parte hartzen zuen lehen aldia zen eta, Caja Laboralen kontra final-laurdenetan kanporatuta geratu arren, Sito Alonsoren jokalariek gauzak zail jarri zizkioten eskarmentu handia duen Gasteizko taldeari.
Helduek bezala, klubeko gazteek ere lehen aldiz hartu zuten parte Minikopan. Hamalau urteko hamahiru jokalariz osatutako infantil mailako taldeak ezin izan zuen podiumeko lehiarako sailkapena eskuratu, baina David Rodriguezek eta Alberto Ausinek zuzendutako jokalari gazteek ere irudi ona utzi zuten. Bartzelona eta Real Madril gisako klub handiak zeuden ordezkatuta. Hala ere, duin esan zioten agur Minikopari; garaipen batekin eta bi porrotekin. Gainera, harrobiari buruz hitz eginez gero, garrantzitsua den datu bat utzi zuten; bildutako talde guztien artean, Gipuzkoa Basket bere herrialdeko jokalariz soilik osatutako talde bakarra izan zen.
Hauek izan ziren donostiarrek Minikopan aurkeztu zuten taldea: Aitzol Odriozola, Ander Merketegi, Jon Zabarte, Aitor Astigarraga, Alex Paton, Aritz Oiartzabal, Asier Azpeitia, Alan Fernandez, Javier Azurmendi, Xabier Cordon, Iñigo Urrestarazu, Cristian Falcon eta Aitzol Ibarloza.
Partidak Vall d’Hebrongo kiroldegian jokatu zituzten. Lehen norgehiagoka Bartzelona ahalguztidunaren aurka jokatu zuten; arerio zaila, zalantzarik gabe, Minikopa bezalako txapelketa batean debuta egiteko. Etxeko taldea izateaz gain, azkenean onenak zirela erakutsi zuten; Bartzelona bera izan baitzen txapeldun.
Bartzelonak 70-44 irabazi zion Gipuzkoa Basketi, baina donostiarrek ez zuten partida kaskarra egin. Handik ordu gutxira, aurreko asteetan egindako lanak emaitzak ekarri zituen; Fuenlabradari 71-54 emaitzarekin irabazi zioten. Hurrengo egunean, ordea, hirugarren eta laugarren postua jokatzeko ametsa zapuztuta geratu zen; 68-48 galdu zuten Sevillako Banca Civicaren aurka, atsedenaldian sei puntuko aldea izan arrren.
Triste geratu ziren jokalariak, lehen taldeko entrenatzaile Sito Alonsoren bisita jaso zuten arte. Gazteak zoriondu zituen, gutxi batzuek soilik dutelako aukera Minikopan aritzeko. «Goibel porrotarengatik? Ez. Kezkatuta? Bai, hobetu beharra dagoelako», esan zien Alonsok gazteei.
Era berean, partidak jokatzeaz gain, helduen norgehiakokak ikusteko aukera izan zuten; Bartzelona eta Real Madrilen arteko finala, tartean. Gazteak, ordurako, pozik ziren.



