Eneko Olasagasti: "Ez dakit inoiz halakorik egin den; duela 20 urteko pertsonaia batzuk hartu eta elkartzea"
Eneko Olasagasti zinema zuzendariari egindako elkarrizketa argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAK biharko ‘Itzurunen’.
‘Bi eta bat’ telesaila maiatzean itzuliko da, 21 urteren buruan; oraingoan, Jaione, Idoia eta Joselontxo protagonista xelebreek Antigua izango dute bizileku, Amarako Easo plazaren ordez. Karlos Zabalak eta Eneko Olasagastik zuzenduko dute egitasmo berria, eta azken honi egindako elkarrizketa izango da biharko ‘Itzurun’-en ardatzetako bat.
Bestalde, ostegunetan argitaratzen den gehigarrian, poliziaren gomazko pilotek eragindako lehen biktimei buruzko erreportajea irakurri ahal izango da. Izan ere, duela 35 urte Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi hil zituen poliziak, Donostiako kaleetan oldartu eta gero. Azkenik, ‘Itzurun’ gehigarrian, Asiatik heldutako arriskua izango da aipagai: liztor asiarra, hain zuzen ere.