Daniela Garreton artista, gaur goizean, erakusketaren prentsaurrekoan.
‘Alamar’ izena du artista gaztearen marrazki bildumak. Maiatzaren 30a arte izango da ikusgai
Itsasoko pertsonaiak eta animaliak maite ditu Daniela Garreton artista txiletarrak. Marinel bizardunak, olagarroak, hegaztiak, nabigatzeko tresnak, arrainak… Eta horiek guztiak kondairazko pertsonaia bihurtzen ditu bere marrazkietan. Txikia zenetik itsasoak liluratu egin zuela dio, eta itsasoa izan duela inspirazio bere marrazkietan.Itsasoko bidaiak eta abenturak; marinel bizardunen irudi misteriotsua… Itsasoak txikitatik piztu zuen Garretonen jakin-mina.
Duela 28 urte jaio zen Txilen, baina jada bi urte darama Donostian bizitzen. Itsasozale amorratua da: artista izateaz gain surfa eta urpekaritza egitea gustatzen zaio.
Alamar, Garretonen bakarkako bigarren erakusketa da. Joan den abuztuan Groseko Melonhead dendan aurkeztu zituen bere marrazkiak. Oraingoan Aquariumeko Nautilus aretoan zintzilikatu ditu. Gaur arratsaldean inauguratuko dute erakusketa, eta maiatzaren 30a arte izango da zabalik.