Juan Karlos Izagirre: "Oposizioaren erantzuna beti da ez; Bilduk egiten duelako proposamena"
Udal gobernuak haserrea erakutsi du oposizioaren jarreraren aurrean, eta haren jarduna errefusatu du Juan Karlos Izagirre alkateak. “Egunero egiten dituzten salaketa eta gezur funtsgabeekin, gobernuaren eta gure hiriaren irudi desitxuratua helaraztea dute helburu”, salatu du.
Bilduren kontrako etengabeko erasoa dela adierazi du, gainera: “berdin zaie proposatzen dena Donostiarentzat ona den; erantzuna beti da ez, Bilduk egiten baitu proposamena”. Bilduk politika egiteko eskaintzen duen eredua, ordea, “gainontzeko indar politikoek eskaintzen dutenaren desberdina” dela erantsi du. “Kudeaketa eredu horren aurrean PPk, PSE-EEk eta EAJk duten jarrera oldarkorra ezintasunaren erakusle” dela erantzun du alkateak.
Oposizioko hiru taldeak, dena den, ez ditu Izagirrek zaku berean sartu. EAJk, behinik behin, “itxura gordetzen” duela eta “aurrekontuak eztabaidatu eta negoziatzeko prest” agertu dela nabarmendu du. PPk eta PSE-EEk bestelako jarrera dutela zehaztu du.
“Benetako oposizioa” nahi dutela aldarrikatu du Juan Karlos Izagirrek. Horregatik, hiriaren alde aritzea lehentasun dutela, “alderdikeriak” albo batera uzteko eskatu die hiru udal taldeei; baita Donostiaren alde “elkarrekin lan egiteko” ere. “Hitz egin eta elkar ulertzeko prest” daudela argitu du Bilduko alkateak.