«Tartea hartu eta HITZA irakurri»

Maribel Oiarbidek gustuko dituen inguruko albisteak jaso zituen, atzo, Garberako atseden tokian hartutako egunkariaren bidez. (Argazkia: Mikel Goñi).
Euskarriak jarri eta horietan Irutxuloko Hitzaren aleak paratzea zen Mikel Zubiak, atzo, Garbera merkataritza gunean zuen eginbeharra. Zerbaiten lehen egunak ekartzen duen aparteko lana gaindituta, goizaren erdialdean, prest zeuden Hitzaren aleak. Hemendik aurrera denen eskura egongo dira. «Baina, bihartik –gaur– aurrera 10:00etan, ateak ireki orduko, bertan jarriak izango ditut».
Zubia kokatze lanetan ari zela, Egiako Calisto Blanco begira ari zen. Langileak alde egin zuenean egunkarietara hurbildu eta, lotsati, bat hartu zuen; horretan datza Irutxuloko Hitza eta Garberaren ekimena. Egiatik Garberarako bidea euririk botatzen ez duen egun guztietan egiten du Blancok. Begi onez ikusi zuen eskaintza berria: «Euskara gutxi dakit, ea honekin hobetzen den».
Garberako marketin arduradun Maria Aiastuiren ideia izan zen egunkaria merkatal gunean eskaintzea. «Pasaiako hamaboskari bat egon ohi da, eta nik Hitza ezagutzen dudanez, bertan jartzea pentsatu nuen». Korridore nagusiaren erdialdeko atseden guneak aukeratu ditu kazetak eskuragarri jartzeko. Modu horretan erosleek «tartea hartu eta Hitza irakurri» egingo dutela dio.
Bezero horietan lehenetakoa izan zen Maribel Oiarbide. Pozik hartu zuen egunkaria eskuratzeko aukera. «Gustura asko irakurtzen dut, bertako kontuak datozelako eta arin irakurtzen delako».
Etxean jasotzearen abantailak Hala eta guztiz ere, Irutxuloko Hitza irakurri nahi duenak ez dauka Garberaraino joateko beharrik. Izan ere, urtean 77 euro ordainduta, etxean jaso baitaiteke argitalpena asteartetik ostiralera; hau da, argitaratzen den egun guztietan. Hitzarekin batera, harpidedunak Itzurun ere jasoko du ostegunetan, eta Gipuzkoako Hitza ostiraletan.
Donostiako euskarazko egunkariaren harpidedun izatearen abantailak, berriz, gehiago dira. Harpidetzak Irutxuloko Hitzak antolatzen dituen zozketetan parte hartzeko eskubidea ematen du. Kazeta hau argitaratzen duen enpresak irakurle ordaintzaileei beherapenak egiten dizkie saltzen dituen hainbat produktuetan, hala nola, poltsak, arropak eta abar. Hartu, beraz, aholkua, eta harpidedun egin !


