Maiatzaren 19an, presoen eskubideen aldeko aldarriarekin plazak betetzeko deia egin du Herrirak

http://youtu.be/I732oL7Ojik Urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazio jendetsuaren ondoren, Herrira mugimenduak euskal presoen eskubideen aldarria herrietara eraman nahi du. Donostian egindako agerraldian azaldutakoaren arabera, mobilizazio eguna deitu dute, maiatzaren 19rako, ‘Goazen plazara’ leloarekin. Protesta egunaren leloak dioen bezala, plazak bete nahi dituzte presoen eskubideak aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, eskaera hauek egingo dituzte: presoak Euskal Herrira ekartzea; Espainian ezartzen duten 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea; Frantzian ezartzen duten bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunari bide emanez; zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak kaleratzea; gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoak egoki zaintzeko beharrezko neurriak hartzea; eta Frantziak eta Espainiak darabilten espetxe-politika egokitzea, hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko. Eskaera hauek oinarri, datozen asteetan atxekimenduak bilduko dituztela aurreratu du Herrirak.
HITZAkide HITZAkide