
‘Iparraldea Bertan!’ jardunaldien aukezpena egin dute Koldo Mitxelenan. Izan ere, hamaikagarren urtez, Ipar Euskal Herria Donostiara hurbiltzea izango da ekimenaren helburua, bertako kantari edo artisten bidez. Hala, etzi hasi eta asteazkenero emanaldi bat egingo dute Koldo Mitxelena Kulturunean, 19.30ean. Etzi, jardunaldiei hasiera emateko, Philippe Ezkurra akordeoilaria ariko da zuzenean, Kattalin Indaburu kantariarekin eta Marina Beheretxe biolin-jotzailearekin. Antolatzaileek bereziki publiko gazteari luzatu diote deia.