Lilatoian hogeita lau emakume izan dira Hitza taldeko kide
Donostiako kaleetan 2.098 emakumek egin dute korrika eta Eneritz Sein izan da azkarrena, 18:05eko denborarekin
IRUTXULOKO HITZAk, gainontzeko eskualdeetako Hitza egunkariekin elkarlanean, Lilatoirako Hitza taldea osatzeko deia egin zuen bere irakurleen artean. Erantzun ona jaso zuen eta taldea osatu du hirugarren urtez jarraian. Hala, 24 emakumek zabaldu zuten Hitzaren izena, igandean jokatutako Lilatoian, Donostiako kaleetan. Guztira 2.098 emakumek aldarrikatu zituzten euren eskubideak korrika eginez, baita 69 patinatzailek ere. Korrikalari azkarrena, Eneritz Sein izan zen (18:05), Ana Llorensen aurretik (18:55) eta Eva Pelaezen aurretik (19:12); eta lehen patinatzailea, berriz, Miryam Elorza izan zen (12:33).
Nerea Albisu Hitza taldeko kideetako bat izan zen eta bere esperientziaren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri. Albisuk oso argi du zergatik egin zuen taldearekin bat: «Euskararen alde egiten duen lanarengaitik asko gustatzen zaidalako IRUTXULOKO HITZA egunkaria», dio harro. Duela sei urte hasi zen korrika egiten eta gaur egun urte osoan egiten duela dio. «Astean bitan joaten naiz korrika egitera eta lasterketa askotan parte hartzen dut». Edonola ere, Lilatoia berezia dela onartu du: «Lasterketa festarekin eta aldarrikapenekin lotzen dira eta horrek egiten du berezi, giroa oso polita da. Gainera, oso argi dauka zein den momenturik politena; «Niretzako momenturik onena helmugara iristear zaudenean da, gai zarela ikusten duzulako. Nire helburua irrifar batekin iristea izaten da eta poz handia sentitzen dut».


