Aizpuruaren eta Labaienen proiektuak, argazkiak eta maketak bildu dituzte Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan

Santos Beregaina diseinatzailea, J. Angel Medina ikertzailea eta Garazi L. Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendaria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Objektuak, argazkiak, aldizkariak, planoak eta sekula eraiki ez ziren proiektuen maketak jaso ditu
Arkitektura, noizko? erakusketak, Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. Zehazki, Jose Manuel Aizpurua (Donostia, 1902) eta Joaquin Labaien (Tolosa, 1900) XX. mendeko arkitekto handien materiala topa daiteke bertan. Izan ere, bi arkitektoen inguruko liburua aurkeztu zuen Jose Angel Medina ikertzaileak, 2010eko abenduan. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea da Medina, eta duela urte batzuk egin zuen doktore-tesian oinarrituz egin zuen liburua. Lana osatzeko, Nafarroako Arkitektura Eskolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan zuen. Liburu hori osatzeko, ordea, erakusketa bat falta zitzaion; atzo zabaldu zutena, hain zuzen ere.
Erakusketaren izenak zentzu osoa du. Izan ere, Aizpuruak berak 1930eko martxoaren 1ean
La Gaceta Literaria aldizkarian argitaratutako artikulu baten izenburua baita:
Arkitektura, noizko?. Artikulu horretan, oso gogorra izan zen arkitekturaren egoerarekin Aizpurua: «Arkitektura Espainian ez da existitzen, pastelgileak baino ez dira», zioen, besteak beste. Izan ere, Aizpuruaren ustez, zerbitzuagatik baino konposizioagatik kezkatuagoak zeuden arkitektoak.
Bederatzi urtetan sekulako lana egin zuten, eta Europako arkitekto garrantzitsuenen artean egon ziren. Euren lan ezagunena, Donostiako Nautikoko eraikina da, 1930ean eraikitakoa. Egungo Donostiako Ospitalearen eraikina ere, eurena izan zitekeen, baina lehiaketako bigarrenak izan ziren eta sekulako hika-mika sortu zen bere garaian.
Donostian zuten estudioa
Bi arkitektoek Donostiako kultura mugimendua astindu zuten, euren Gatepak taldearekin eta Gu elkartearekin. Erdialdeko Prim kalean bertan izan zuten estudioa, Labayen & Aizpurua izenekoa, 1927tik 1936ra; eta artista ezagun asko igaro ziren bertatik. Aizpurua bere politika ibilbide falangistagatik Ondarretako kartzelan fusilatu zuten, eta orduan itxi zuten estudioa. Labaienek, orduan, arkitekturaren inguruan jarraitu zuen lanean, Tolosan.
Erakusketa
- Zer. Jose Manuel Aizpurua donostiarraren eta Joaquin Labaien tolosarraren arkitekturaren inguruko lana elkartzen duen Arkitektura, noizko? erakusketa.
- Non. Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan.
- Noiz. Gaurtik apirilaren 21a arte. Asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara.