Lagun Aroren aulkia, saskiratze bat ospatzen (ACB Photo / M. Pozo).
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek merezitako garaipena lortu du Malagan, Unicajaren aurka (81-89). Bigarren zati bikaina egin dute Sito Alonsoren jokalariek, eta markagailuari buelta eman diote atsedenaldian galtzen joan eta gero. Andy Panko eta Jimmy Baron izan dira onenak, 23 eta 21 punturekin, hurrenez hurren. Sufrituta irabazi dute, Unicaja gertu izan dutelako azken minutuetan (67-70ekoa jarri dute hiru minutu eta erdiren faltan), baina aldeari eutsi diote azkenean.
Hirugarren laurdena 51-62 emaitzarekin amaitu da. Hor egon da partidaren gakoa. Panko bikain batek ardura hartu du erasoan, eta laurdena 16 punturekin amaitu du, puntu gehienak hamar minutu horietan lortuta. Horrenbestez, hamar minututan markagailuari buelta eman diote donostiarrek, hirugarren laurden harrigarria egin eta gero (13-28eko partziala). Izan ere, atsedenaldira 38-34 emaitzarekin iritsi dira bi taldeak.
Sergi Vidal eta Jimmy Baron onenak izan dira, lehen zatian, donostiarren aldetik. Lagun Aroren puntuen erdia baino gehiago lortu dituzte. Donostiarrek, baina, gainontzeko jokalarien ekarria beharrezkoa zuten partida orekatzeko; eta Pankok dei horri zoragarri erantzun dio aldageletatik bueltan.
Lehen laurdena berdinketarekin amaitu da (19-19). Bigarren laurdenaren hasieran, Unicajak aurrea hartu du markagailuan, alde gutxirekin bada ere. Eta hirugarrenean, Lagun Arok berriro hartu du aurrea, partida amaitu arte mantenduz.
Lagun Aro laugarren postuan dago orain, Unicaja eta Lucentum Alicanterekin berdinduta. Hiru taldeek helburu bera dute; zortzi lehenengoen artean sailkatzea, play-offerako txartela eskuratzeko. Igandean etxean jokatuko dute donostiarrek, 12:30etan, Caja Laboralen kontrako derbia zain baitute Illunben. Gasteizkoak hirugarren postuan dira.