Priorrek sekulako lorpena egin du Asturiaseko esgrima lehian
Amaratarra onena izan da sablean eta ezpatan, Aulki Gurpilduneko Espainiako Txapelketako proban
Alex Prior tiratzaile amaratarra lan bikaina egiten ari da Aulki Gurpilduneko Espainiako Esgrima Txapelketan. Izan ere, bi garaipen garrantzitsu eskuratu berri ditu, txapelketako bigarren proba puntuagarrian. Zehazki, Asturiaseko VII. Saria jokatu zuten lehengo asteburuan, eta bertan, sablean eta ezpatan jokatutako lehietan onena izan zen Prior bera.
Sableari dagokionean, finalerdietan Jesus Fernandez asturiarra kanpoan uztea lortu zuen Priorrek; 15-7 irabazita. Behin finalera iritsita, bere aukera ongi baino hobeto aprobetxatzen jakin zuten Priorrek, eta erraztasun osoz irabazi zion Andaluziako Carlos Solerri.
Ezpatako finalean, berriro ere Carlos Soler izan zuen aurre aurre Priorrek, eta berriro ere irabazi egin zion, 15-11. Aurretik, finalerdietan, Tarek Nejjar euskal herritarra gailendu zuen, 15-9.
Florete modalitateari dagokionean, Priorrek finalera iristean lortu zuen, baina ordukoan ez zuen helburua lortu. Jesus Fernandez asturiarra izan zen onena, justu-justu, Priorri 15-14 irabazita.
Donostian ere izango da
Espainiako Txapelketako arduradunek aurreratu dutenez, beste bi proba puntuagarri antolatzea dute aurreikusita. Txapelketako hirugarren proba, Donostiako Pio Baroja kiroldegian izango da, apirilaren 21ean eta 22an. Maiatzaren 12an eta 13an, berriz, Ciudad Realen lehiatuko dira.


