Bi pertsona zauritu dira olatuak direla-eta

Udal zerbitzuek Salamanca pasealekua moztu dute gaur goizean, olatuak direla eta. (Argazkia: Mikel Goñi)
Era berean, udal zerbitzua Pasealeku Berrian dauden ibilgailuak garabiarekin eramaten ari da. Atzo gauean Argazkilari Elkartearen egoitzaren inguruan moztu zuten inguru hori, eta gaur goizean, Salamanca pasealekuan. Une honetan arazorik ez dagoen arren, olatuen eragina handitzen joan daiteke; izan ere, marea gora 17:30ean izango baita. Eusko Jaurlaritzaren meteorologia zerbitzuen iragarpenak dioenez: “Eki-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin eta egunaren bigarren partean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-3,5 metroko olatuak altxatuko ditu, gauean 2-2,5 metrokoak”. Euskalmeten arabera, abisu horia dugu olatuengatik. Aemeten arabera, aldiz, laranja.
IRUTXULOKO HITZA-k jakin ahal izan duenez, Salamanca pasealekuko hainbat atari eta garajetara sartu da olatuen ura, hala ere, kalte material larririk ez da izan eta larrialdi zerbitzuen parte hartzerik ez da behar izan. Suhiltzaileek, esaterako, ez dute itsasoaren egoerarekin zerikusirik duen esku hartzerik egin behar izan.

