Enrique Ramos (PSE-EE): "Autobus geltokiaren proiektua azaltzeko bilerak porrot itzela izan dira"
Udal gobernuak Loiolako Erriberako autobus geltokiaren inguruko xehetasunen berri emateko bi bilera deitu zituen herenegun eta atzo. Biak ala biak “porrot itzela” izan zirela adierazi du PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek.
Atzo udaletxean egin zen bilerara herritar bakarra hurbildu zela eta bertan behera utzi behar izan zutela azaldu du zinegotziak. “Jendea kokoteraino dago autobus geltokiarekin; gaia bideratuta zegoen eta Bilduk korapilatu egin du irtenbide argirik eman gabe”, dio Ramosek. Herritarren babesik ez eta gainontzeko udal taldeena ere ez dutela erantsi du. “Gero eta bakartuago dago Bildu”, adierazi du.
Udaletxean jarri duten erakusketa kritikatu du PSE-EEko zinegotziak, halaber. “Ez dakigu herritarrak proiektuaren alde erakarri ala atzera egiteko egin duten”, esan du.