Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 28an aztertuko du 'Bateragune auzia'

Epai honek espetxe zigorra jarri zien Arkaitz Rodriguez altzatarrari eta Rafa Diez aietearrari Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 28an aztertuko duBateragune auzian zigortutakoen defentsek jarritako helegitea. Helegite horrek dio «oinarririk gabekoa», «logikaren kontrakoa» eta «zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua» dagoela Arnaldo Otegi, Rafa Diez (Aiete), Arkaitz Rodriguez (Altza), Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari espetxe zigorra ezarri zien epaia, eta Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko zein zigortuak absolbitzeko eskatu dute bertan. Hamarna urteko espetxe zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak Otegiri eta Diezi, eta zortzinakoa Jacintori, Zabaletari eta Rodriguezi. Zutik Euskal Herria dokumentuarekin amaitu zen eztabaida sustatu zutenean ETAren aginduz aritzea egotzi zien Auzitegi Nazionaleko epaiak.

Ateak irekita egingo da auzi saioa, eta han beren helegiteak defendatuko dituzte Iñigo Iruin, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek. Eta txosten haien aurrean beren iritzia azalduko dute Fiskaltzak eta Voces Contra el Terrorismo Verde Esperanza herri akusazioak.

Defentsek kasazio helegiteetan azaldu zutenez, Auzitegi Nazionalaren epaiak akusatzearen printzipioa hautsi zuen, errugabetasun printzipioa urratu zuen eta zigor mota oker ezarri zuen. Auzitegiaren inpartzialtasun falta ere jarri zuten epaia baliogabetzeko eskatzeko argudio gisa. Auzitegi Nazionaleko epaileek onartzen dute ez dagoela zuzeneko frogarik, eta zigorra zantzu bidezko frogan oinarritzen du. Baina, defentsen ustez, froga horrek ez ditu betetzen jurisprudentziak jasotako baldintzak. Zantzu eta inferentzien bidez osatu zuten zigor epaia. Baina, defentsen ustez, zantzu bidezko frogak ez dauka behar besteko baliorik eta kalitaterik. Gainera, logikaren kontrako interpretazioa egiten du auzitegiak, defentsen irudiko.

HITZAkide HITZAkide