Itsas eremua babestea eta trenbide loturak indartzea dira Baiona-Donostia euskal eurohiriaren erronkak
Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren Garapenerako Mugaz Gaindiko Agentziako kideek ohiko batzarra egin dute Aieteko jauregian. Lapurdiko zenbait alkaterekin batera, Juan Karlos Izagirre alkateak, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak parte hartu dute.
Euskaldunen arteko topaketa izan dela eta batzen dituzten arloetan (kultura, hizkuntza…) aurrera egin eta harremanak sendotzeko balio izan duela azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Baiona-Donostia Eurohiriaren Agentziak bi erronka nagusi ditu: ingurumen balio handia duten Kantauriko itsas eremua babestea eta hiri eta herrien arteko garraio loturak indartzea. Trena hiri eta herrien arteko joan-etorriak sustatzeko giltzarri izango dela azaldu dute. Trenaren erabilera bultzatzeko, bi lurraldeak bereizten dituen trenbide zabalera desberdinarekin amaitzea izango dute helburu nagusi.