Mikel Azpiroz: "Kaleko musikariei omenaldia egin diegu"
Kaleko musikarien oihartzuna dakar Elkano Browning Cream-en disko berriak. Bohemia izena du Mikel Azpirozen (Donostia, 1971) taldearen hirugarren lanak. Oraingoan alde batera utzi dituzte jazz, funk eta blues erritmoak. Aurreko bi diskoetan egin dutenaren kontra, disko honetan organo hirukotea desagertu egin da: melodika, gitarra akustiko eta perkusio hirukote gisa itzuli dira.
Zer dela-eta? Azpirozen ustez, Elkano Browning Cream taldearen abentura zaletasunari eutsi diote: «Formatu hau irratirako egindako elkarrizketatan erabiltzen hasi ginen; zerbait jotzeko eskatzen zigutenean horrela egiten genuen. Asko gustatu zitzaigun formatu hau, eta abesti batzuk horrela grabatzea pentsatu genuen. Eta horrelaxe egin dugu diskoa. Disko hau ez genuen gehiegi planifikatu. Aurreko bi diskoak organo hirukote gisa egin genituen».
Formatu berrian edozein lekutan jotzea «oso erraza» dela azaldu du musikari donostiarrak. Disko instrumentala da. Lehen diskoan abesti bakarra sartu genuen ahotsarekin. Bigarrenean gehiago, eta oraingoan denak instrumentalak dira. Abestiak horrela egin ditugulako; horrela atera dira, ez dago beste arrazoirik». Bohemia diskoan musika ibiltaria eta kaleko musika izan dute inspirazio: «Kaleko musikariei omenaldia egin diegu. Mundu horretara gerturatu gara. Formatu hau ere halakoa da. Berehalakotasuna da bere ezaugarrietako bat.
Mediterraneoko erritmoak eta doinu zingaroak ageri dira lan berrian. Ekialdeko doinuak maite dituela azaldu du Azpirozek: «Batez ere Duke Ellingtonen Blue pepper abestia entzun nuenetik. Hor ikusi nuen nola uztartzen zituen Ekialdeko melodiak musika afroamerikarrarekin. Hura izan zen abiapuntua. Elkanoren lehen diskoan ere nabaritzen dira eragin horiek. Lehen diskoko Xin Jiang Women eta Sugaar kantetan, esaterako».
Disko honetan sonoritatea formatu akustikora aldatu dutela dio: «Organo, gitarra elektriko eta bateria formatua txikitu, eta minimora eraman dugu. Formatu berri honetan melodia horiek nabarmenagoak dira, eta ukitu zingaroa ere nabarmenagoa da. Sustraietara eraman dugu gure musika».
Grabaketa “biluzia eta zuzena” Musikari gisa «biluztu» egin direla dio Azpirozek: «Grabaketa biluzia eta zuzena izan da. Trukurik gabekoa. Hori egiteko beharra sentitu genuen. Adorno guztiak alde batera utzi, eta bat batekotasuna berreskuratu dugu. Egun entzuten den musika saturatuta dago. Arnasa hartzeko beharra genuen. Ohiko bihurtu diren megaprodukzioen kontrakoa egitea, eta esentziara itzultzea nahi genuen». Musikan ez ezik, hirukotearen osaketan ere bada aldaketarik. Matt Harding abeslari eta gitarrista ohia beste proiektu batzuetan murgildu da, eta Dave Wilkinson musikari ingelesak hartu du bere lekua. Wilkinsonekin lehenagotik ere ibiliak dira elkarrekin zuzenekoetan: «Pare bat bira egin ditugu Wilkinsonekin. Hasiera hasieratik ikusi genuen oso ondo bat egiten zuela gure lengoaia musikalarekin. Ez Matt Hardingek egiten zuena kopiatuz, baizik eta bere nortasunarekin ere beste ezaugarri batzuekin osatuz».
Wilkinson ibilbide luzeko musikaria dela azaldu du: «Oso eklektikoa da. Bakarlari moduan ere berak badu bere proiektua: David Phillips. Eta talde askotan jo du, baita jazz musikariekin ere. Oso aldakorra da». Eta Matt Harding kide ohia, itzuliko al da? «Elkano proiektu elastikoa da, eta denborak esango du Matt Harding itzuliko den. Bira honetan behintzat gu hirurok izango gara». Aurreko lanetan bezala, oraingoan ere autoekoizpenaren bidetik egin du Elkano Browning Creamek: «Erabateko independentziarekin lan egiteko beharra sentitzen dugu. Nik sortutako Mamusik zigiluarekin argitaratu dugu diskoa».
Gaur eta apirilaren 6a bitartean gelditu gabe ariko dira zuzeneko emanaldiak egiten. Madrilen hasiko dira bira egiten gaur. Indian hiru emanaldi egingo dituzte. Donostian bihar joko dute, Bukowskin. Zuzenean, ohiko formatuari eutsiko diotela dio Azpirozek: organoa, bateria eta gitarra elektrikoa eta ahotsa: «Tarteka abesti berriak joko ditugu, formatu akustikoan». Elkano Browning Cream 1 eta 2 diskoen kantak interpretatuko dituzte.
Kontzertua: Elkano Browning Cream.
Noiz. Bihar, larunbata. Non. Bukowskin. Ordua. 22:00. Sarrerak. 10 euro. Bukowskin bertan eta Entradas.com webgunean eskura daitezke.


