Erakundeak euskarazko hedabideen egoera hausnartzera deitu dituzte
Euskarazko komunikabideek sektorearen diagnosia eta erronkak ezagutarazi dituzte.
Herri ekimeneko ia 50 euskarazko hedabidek –IRUTXULOKO HITZA tartean– sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkeztu zuten, atzo, Andoainen. Iaz, Euskal Herri osoko euskarazko 80 komunikabide ez publikok hausnarketa partekatua hasi zuten; eta gogoeta horren lehen emaitza da Martin Ugalde kultur parkean ezagutarazitako idatzia. Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabalek, Berria Taldeko Joanmari Larrartek eta Argiako zuzendari Xabier Letonak parte hartu zuten aurkezpenean. Mendizabalek irakurri zuen dokumentua bide luze baten hasiera da, “sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria”.
Negozio eredua, lan baldintzak, salmenta, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana etorkizuneko gakotzat jo zituzten; eta horiei erantzuteko oinarria elkarlana izango dela nabarmendu zuten. “Garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko irudimena landuz, gogotik arituz eta, batez ere, elkarlanean hedabideen artean zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere”. Hori horrela, erakundeei hausnarketa mahai bateratuak osatzeko deitu zituzten. Halaber, laguntza politikak egokitu eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzeko ere eskatu zieten.
Izan ere, Mendizabalek gogorarazi zuenez, herri ekimeneko euskarazko komunikabideek bizi duten egoera zaila da, sektorea krisi bikoitza jasaten ari baita. Batetik, Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak krisi sakona ekarri du mundu osoan komunikazioaren sektorera. Bestetik, 2008an azaleratutako krisi ekonomikoak aurrekoa areagotu baino ez du egin. Ondorioak agerikoak dira, eta horren adibide, azken bi urteotan itxi diren euskarazko komunikazio proiektuak aipatu zituzten. Besteak beste, Ttipi-Ttapa, Geu Gasteiz, Nabarra, Txaparro edota Esan-Erran Irratia.
Garrantzia, esparru anitzetan
Publikoak ez izan arren, “funtzio sozial agerikoa” dutela nabarmendu zuten euskarazko hedabideen ordezkariek, “bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik”. Euskararen ezagutzari dagokionez, azken 25 urteetan “urrats handia” egin bada ere, erabileran zailtasun handiak daudela adierazi zuten. Bide horretan, euskarazko komunikabideek funtsezko zeregina dute. “Gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean”. Izan ere, Mendizabalen hitzetan, hiztun komunitate guztiek mundua bere hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra dute eta “euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez”.
Pisu sozialaz eta kulturalaz gain, sektorearen garrantzia ekonomikoa ere mahaingaineratu zuten. Euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako, 600 langilek baino gehiagok lan egiten dute 100dik gora komunikabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute gizarte segurantzaren eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik euren jardunaren garrantzia nabarmendu eta kontuan hartzeko eskatu zuten.
ATXIKIMENDUA ERAKUTSI DUTEN HEDABIDEAK
- 28 kanala
- Aizu! aldizkaria
- Anboto komunikabideak
- Antxeta irratia
- Arabako Hitza
- Argia
- Baleike aldizkaria
- Barren astekaria
- Berria
- Bidasoa media
- Bierrik fundazioa
- Bizkaiako Hitza
- Elhuyar aldizkaria
- Erlo telebista
- Eta Kitto aldizkaria
- Gaur8
- Gazteberri
- Gaztezulo aldizkaria
- Gipuzkoako Hitza
- Goiberri
- Goiena komunikazioa
- Goienkaria
- Goierri telebista
- Goierriko Hitza
- Hamaika telebista
- Hernaniko kronika
- Hitza online
- Info7 irratia
- Iparraldeko Hitza
- IRUTXULOKO HITZA
- Jakin
- Kanaldude
- Kazeta info
- Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza
- Nafarroako Hitza
- Nontzeberri
- Nora
- Oarso Bidasoako Hitza
- Oizmendi telebista
- Pil Pilean aldizkaria
- The Balde
- Tolosaldeko Hitza
- Topagunea
- Txintxarri
- Ukberri.net agerkari digitala
- Urola kostako Hitza
- Zazpihaizetara
- Zuzeu