Autobus geltokiaren kokapena "argudio teknikoetan" oinarritzeko eskatu du Larraitz Ugartek
«Loiolako Erriberakoa da Donostiak behar duen autobus geltoki duina», aditzera eman du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatuak. Duela bi aste Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren ahotik ezagutu zituzten aldundiko arduradunek Loiolako Erriberako autobus geltokiko proiektuaren nondik norakoak, eta «alderdikeriak» albo batera utzita, eta ezaugarri teknikoei erreparatuta soilik, «erabiltzaile guztientzat oso erosoa eta bikaina» dela adierazi du Ugartek. Honenbestez, eskaera zuzena egin die Loiolako Erriberako proiektuak aurrera egin ala ez erabakitzeko erantzukizuna duten udal taldeei; «alderdikeriak albo batera utzi eta zentzuz jokatzeko». Proiekturik interesgarriena zein den hautatzerakoan, bidaiariei eskain dakiokeen «etorkizunik oparoenean» pentsatu beharra dagoela dio diputatuak. Hortaz, autobus geltokiaren kokalekuaren eztabaida «liskar politikotik atera eta argudio teknikoetan» oinarritu behar dela plazaratu du.
Loiolako Erriberako oinarrizko proiektua ikuspegi teknikotik «oso egokia» dela eta Atotxakoak baino abantaila gehiago dituela zehaztu dute diputazioak azpiegitura horren inguruan duen iritzia jakitera eman duten Larraitz Ugarte Mugikortasun diputatuak eta Unai Erroitzenea Mugikortasun zuzendariak. Hiru arrazoi nagusi jo dituzte, Atotxakoagatik baino, Loiolako Erriberakoaren alde egiteko: autobusek bertara heltzeko eta bertatik ateratzeko egin beharreko sartu-irtenak, autobus geltoki batek zein besteak eskain ditzakeen aukerak eta intermodalitatea.
Autobus geltokiko zirkulazioak «hiri barruan eraginik ez» izateak herritarren ongizatearen eta mugikortasun iraunkorraren ikuspegitik «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Unai Erroitzeneak. Izan ere, Loiolako Erriberako geltokira sartu eta ateratzeko «bide naturala» Urumeako autobidea izango dela azaldu du. Era horretan ibilgailuek ez dutela saihesbide zaharrean sartu beharko erantsi du.
Loiolako Erriberako azpiegiturak, gainera, autobus konpainiei «traba gutxiago» eragingo dizkiela gaineratu du. Atotxakoak baino bost nasa (28 nasa) gehiago izateak geltokian bertan egonaldi luzeagoak eta zirkulazioan inolako trabarik ez sortzeko aukera eskainiko duela adierazi du Mugikortasun zuzendariak. «Puntako orduan ez da autobus guztiak sartzeko zailtasunik egongo; etorkizunean, gainera, zerbitzu gehiago jartzeko edo maiztasunak handitzeko aukera dago», esan du Erroitzeneak. Ugarteren esanetan, «hartzen ditugun neurri guztietan beharrezkoa da etorkizunari begira jartzea; eta Atotxakoak etorkizunari ateak ixten dizkion moduan, Loiolako Erriberakoak ez ditu ateak ixten».
Lurpeko geltokia, gainera, txiki geratuko balitz, lur gainean ere autobusentzat lekua egiteko tokia legokeela jakinarazi du Unai Erroitzeneak: «Memoriaren Lorategiaren albo batean autobusentzako aparkaleku bihur daitekeen errail bat gordeko dute».
Foru Aldundiak, era berean, garraio publikoaren aldeko apustua egiten duela eta Lurraldebuseko konpainiek (Pesa, EuskoTreneko autobusak, La Guipuzcoana…) etorkizunean zerbitzua hobetu eta maiztasunak areagotzeko aukera izatea «oso garrantzitsua» dela uste dute. «Txukuna eta egokia»
Foru teknikariek ez ezik, Lurraldebusen barruan dauden autobus konpainietako arduradunek ere izan dute Loiolako Erriberako autobus geltokiaren proiektua ezagutzeko aukera. Sakonago aztertu aurretik, «proiektu txukuna eta egokia» iruditu zaiela aditzera eman du Larraitz Ugarte diputatuak.
Txartel bakarraren proiektua errealitate bihurtu ahal izateko, Loiolako Erriberako proiektua «ikaragarri ona» dela zehaztu du Mugikortasun diputatuak, bertan elkartuko direlako Renfeko eta EuskoTreneko trenbideak. Loiolako Erriberako geltokia «benetako geltoki intermodala» izango dela nabarmendu du Ugartek.
Hiri barruko garraioarekin, halaber, Loiolako Erriberak Atotxak baino aukera hobeak eskainiko dituela jakinarazi du. «Donostiabuseko zerbitzuak pixkat moldatzearekin nahikoa litzateke; Atotxan, ordea, zerbitzu aldaketa handigoa egin beharko litzateke».


