Borja Agote egiatarrak irabazi du Neguko Surf Junior Txapelketa
Ondarreta inguruan jokatu zuten 20 urtetik beherakoen lehia, Gipuzkoako eta Lapurdiko 16 gaztek
Neguko Junior Surf Txapelketa jokatu zuten larunbatean, Ondarretako uretan. Gipuzkoako Surf Federazioak eta Donostiako Sustapenak antolatu zuten lehia, Irutxuloko Hitza egunkariaren eta Donostia Surf City Clusterraren babesarekin, besteak beste. Bertan, federazioak antolatutako teknifikazio programako surflari gazteek parte hartu zuten, olatuak harrapatuz. Hala, Euskal Herriko 20 urtetik beherako hainbat surflari taula gainean olatuekin erakustaldi onenak egiten saiatu ostean, Borja Agote egiatarra izan zen txapelduna.
Guztira, 16 gazte izan ziren lehian, horietako zortzi gipuzkoarrak eta gainontzeko zortziak lapurtarrak. Txapelketako lehen txanda 16:00etan abiatu zen eta hiru ordutan egin behar izazn zuten, mareen egoera zela eta. Lehen txanda hartan Groseko Indarrako Borja Agote donostiarrak eta Julen Egiguren oiartzuarrak egin zuten lan onena, 20tik 17 puntu lortuta. Lehen finalerdian, Agote bera eta Alex Iriondo sailkatu ziren, eta bigarrenean, Ethan Egiguren oiartzuarra eta Mikel Elizalde hernaniarra. Ondoren, finalean eskainitako maila bikainari esker, Agote izan zen txapelduna.