Herri ekimeneko euskarazko hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte
2011n elkarrekin hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek agerraldi bateratua egin dute gaur Andoainen; sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkeztu dute.
Aurrera begira dituzten erronka nagusiak azaldu dituzte: Negozio eredua, lan baldintzak, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana.Erronka horiei sendotasunez heltzeko garaia heldu dela uste dute: beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideen artean.
Funtzio sozial agerikoa dutela gogora ekarri nahi izan dute euskal hedabideek, “bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak ekartzen duenagatik”.
Sektorearen garrantzia sozial eta kulturalarekin batera, ekonomikoa ere mahaigaineratu dute. Euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago ari dira lanean, 100 hedabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute urtean, eta 7 milioi euroko ekarpena egiten dute diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez.