Studio Teatroko zuzendaria, Sandra Toral.
Antzoki Zaharrean izango da emanaldia, 18:00etan. Pedro Casablanc aktorea sartuko da Jose K. pertsonaiaren larruan
Javier Ortiz (Donostia, 1948-2009) kazetaria zen, ez zuen antzerkigintza ezagutzen. Torturaren inguruan emandako hitzaldi batek eman zion antzerkirako obra bat idazteko aukera: ‘Jose K. Torturado’. Studio Teatroko zuzendari Sandra Toral izan zen hitzaldi hartan. Hainbat ikusleren haserrea piztu zuen Ortizen hitzaldiak.
Dilema bat azaldu zuen: Jose K. pertsonaiak bonba bat lehertarazi nahi du jendez betetako plaza batean. Atxilotu egingo dute. Ordubete geratzen da bonbak eztanda egiteko. Informazioa lortzeko torturatu egingo dute. Zilegi al da tortura erabiltzea kasu honetan? Ikusle asko aretotik joan egin ziren haserre. Toralek, ordea, antzerkirako gai interesgarria zela pentsatu zuen, eta Ortizi testu bat idazteko eskatu zion. “Zergatik sentitzen dira ikusleak deseroso Jose K.-ren dilemarekin? Ez dakit erantzuna zein den, horregatik eraman nuen antzerkira, taula gainera”, azaldu du Toralek.
Bihar dFerian aurkeztuko dute obra, Antzoki Zaharrean, 18:00etan. Pedro Casablanc aktorea sartuko da Jose K. pertsonaiaren larruan.