Zulorik gabe eta bi milioiko irabaziekin amaitu zuen udalak 2011ko jarduna
Javier Vitoria udaleko Ogasun ordezkariak 2011ko aurrekontuaren likidazio datuak aurkeztu ditu. Zulorik gabe eta bi milioiko irabaziekin amaitu zuen udalak 2011ko jarduna. Krisi ekonomikoa kontuan hartuta, datua oso ona dela azpimarratu du Vitoriak:«Urtea positiboki itxi dugu; aurrekontu oreka bermatzea lortu dugu, eta udaleko zor bizia bere horretan mantendu dugu, handitu gabe», azaldu du.
Donostiako udalak iazko ekitaldia positiboan ixteko ahalegin handia egin behar izan duela erantsi du, Aldundiari aurreikusitakoa baino askoz ere diru gehiago itzuli behar izan diolako. Aurrezpen politikari esker gainera udalaren zor bizia zegoenean geratu da, 107 milioi eurotan; hau da, %5ean, legeak baimentzen duen %25etik oso azpitik.
Ogasun zinegotziak, era berean, 2012ko aurrekontua onartzeko lanean ari direla dio. Aurrekonturik ez izatea Donostiarentzako oso kaltegarria gerta litekeela. Gainontzeko alderdi politikoei arduraz jokatzeko eskatu die. EAJ udal taldearekin hitz egiten ari direla esan du, «negoziatzeko borondatea» erakutsi dutelako.PSEk eta PPk osoko zuzenketa iragarri baitzuten aurrekontu proiektua aurretik irakurri gabe ere. Oposizioak egindako kritikei erantzunez, Vitoriak krisi egoeran daudela ekarri die gogora, eta Bilduren jarrera defendatu du, hau da, gastuetan ez sartzea diru sarrerarik ez dagoen bitartean. Odon Elorzak aurreko urteetan gauza bera egin izan balu egungo egoera hobea litzatekeela gaineratu du Vitoriak.