Gipuzkoa Basketeko jokalarien babesa jaso du Nahia de Cos txikiak
Nahia de Cos eta bere familiari elkartasuna adierazi diete Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariek. Illunbera hurbildu dira, entrenamendu saioa ikustera, eta jokalariek sinatutako kamiseta eta guzti eraman dute etxera.
Nahia de Cos lau urteko haur donostiar bat da. Batten izeneko gaixotasun arraroa dauka; heriotzera daraman neurologia nahasmendua, hain zuzen ere. Sendatzeko aukerarik ez du; bai, ordea, bizitza kalitatea hobetzeko parada. Horretarako, Estatu Batuetan egin ohi duten tratamendu bat beharko luke, baina oso garestia da. Igandeko partidan izan ziren Nahia de Cos eta bere familia Illunben, diru laguntza biltzeko asmoz. Diru laguntza eman nahi duten guztientzat kontu korronte hau ireki dute: 3035 0144 151440029547 (Caja Laboral-Euskadiko Kutxa)
Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariez gain, hiriko beste hainbat eragilek eskaini diote babesa Nahia de Cosi. Ramon Agirre aktorea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Donostiako suhiltzaileak, Donostiako Piratak, Pegamo Bera Bera errugbi taldeko jokalariak, Realeko Superligako jokalariak, Irrien Lagunak… guztiek bat egin zuten, Gure Señeak elkartearen eta Donostia Kulturaren lankidetzari esker, Viktoria Eugenian otsailaren 5ean prestatutako jaialdian.

