Hiru musika proiektu esperimental aurkeztuko ditu Jazzaldiak San Telmo Museoko elizan
Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux, Oreka TX eta Hakon Kornstad, eta Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio izango dira, San Telmoko Gauak ekimenaren barruan egingo diren hiru kontzertuetako protagonistak.
Jazzaldiak hiru kontzertu eskainiko ditu uztailaren 21ean, 22an eta 23an San Telmo Museoko elizan. Kontzertuek hainbat berezitasun izango dituzte: batetik, musikari euskaldun baten eta atzerriko baten arteko elkarlanak izango direla; bestetik, esparruaren akustika berezia baliatuko dutela; eta, azkenik, jaialdirako bakarrik sortu diren proiektu esperimentalak direla.
San Telmoko gauak izango dira. Hilaren 21ean Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux abeslari frantsesaren emanaldia izango dugu; 22an, Oreka TX eta Hakon Kornstad saxofoi-jotzaile norvegiarrarena; eta 23an, Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio harmonika-jotzaile frantsesaren txanda izango da.
Hyperpotamus-ek eta Aymeric Hainaux-ek ahotsa beste instrumenturik ez dute erabiltzena. Hainauxek arreta handiagoa jartzen dio soinuaren koloreari; keinuetan eta gorputz-mugimenduan oinarritzen den performancea da berea. Hyperpotamus, berriz, gehiago zentratzen da doinuan, egitura harmonikoan, abestian eta dantzan. Hyperpotamusek eta Hainauxek indarrak batuko dituzte San Telmo Museoko elizan. Bertako akustika berezia dela-eta egoerara egokitzeko eta gunea eskuratzeko ahalegina egin beharko dute: tokiak moldatuko du ikuskizuna.
Gonzalo Tejada euskal kontrabaxu-jotzailea eskarmentu handiko muskaria da. Hau ez da Jazzaldirako proiektu berezi bat egiten duen lehenengo aldia, Ziklo 1 eta Ziklo 2 proiektuekin egin zuen lehenago ere. Olivier Ker Ouriori dagokionez, Europako eta munduko harmonika-jotzaile hoberenetakotzat jotzen dute eta batzuen ustez «Toots Thielemans musikariaren ondorengoa da». Biek jo izan dute laukote moduan, eta orain, itxuraz hain desberdinak diren baxua eta harmonikarekin duo bat egiteko erronkari egingo diote aurre. Errepertorioak era askotako konposizioak bilduko ditu, esaterako J. S. Bach, Stevie Wonder, Joni Mitchell, eta jazz estandarren bat; eta inprobisazioarentzat ere izango da nahikoa leku.
Oreka TX taldea Hakon Kornstadekin elkartuko da. Kornstad, bai saxoa jotzeko duen trebeziagatik bai bere adimen emozionalagatik, baita Norvegiakoa bezain egoera musikal sortzailean lehenengo lerroan kokatzea lortzegatik ere goratu du kritikak.