Easo kaleko 37. atariko lehen pisua ez dago hutsik, Kepasakonlakasaren erroldak dioenaren kontra
Kepasakonlakasa elkarteak Donostian hutsik dauden etxebizitzen zerrenda osatu du, eta IRUTXULOKO HITZAk errolda horren berri eman du gaurko ‘Itzurun’ gehigarrian. Mikel Leizeaga donostiarrak, ordea, zerrenda «seriotasun eta zehaztasun falta ikaragarriarekin» egin dutela salatu du, bere etxea bertan agertzen delako eta ez delako inoiz hutsik egon.
Egunkariari azaldutakoaren arabera, «1978. urteaz geroztik nago erroldatuta Easo kaleko 37. atariko lehen pisuan. Bertako jabea naiz. Are eta gehiago, gurasoen etxea izan da 1960. hamarkadaz geroztik, eta ez da inoiz hutsik egon».
Hori horrela izanik, Kepasakonlakasa plataformari zuzenketa publikoa egitea eskatu dio, «oso larria iruditzen baitzait nire etxea hutsik dagoela esatea. Horrek ondorioak ekar ditzake».
Kepasakonlakasak egindako errolda, bereziki erakunde publiko eta sustatzaile pribatuen eraikinak kontutan hartuta osatuta dagoen arren, etxebizitza pribatu batzuk ere ageri dira. Kasu honetan, Easo kaleko 37. atariko lehen pisua pribatu bezala izendatu dute, baita hutsik edo erabili gabe dagoela zehaztu ere. Leizeagak okerra zuzentzeko eskatu du, zerrenda interneten ere zintzilikatuta dagoela kontutan hartuta.
Udal taldeen esku dago zerrenda
Kepasakonlakasak udal taldeei igorri die etxe hutsen errolda, etxebizitzen arazoari konponbidea eman diezaioten. Ekimen horren berri eman du gaur IRUTXULOKO HITZAk, ‘Itzurun’ gehigarriaren bitartez. «Errolda alderdi guztiei bidali berri diegu, eta bi urte baino gehiago erabili gabe daramaten hamabost kasu larrienak apirilaren 15a baino lehen ebaztera deitzen dugu», azaldu zuten elkartekoek, ‘Itzurun’-en jasotakoaren arabera.