Euskadi Ikerketa saria, Ibon Sarasolarentzat
Hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain donostiarrak irabazi du 2011ko Euskadi Ikerketa Saria. Epaimahaiak sariduna aukeratzeko, Sarasolak Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzen egindako lana izan du kontuan. Koldo Mitxelenarekin aritu zen lanean 1980ko hamarkadan, eta hark aukeratu zuen Sarasola Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzeko (1987-2005, Euskaltzaindia). Euskal filologiako ikasketetan erreferentziazkoa da lan hori, eta hori saritu du epaimahaiak: «Gauza gutxi egin daiteke euskal ikasketetan hark sortutako materialetara jo gabe». Zehazki hiztegia ere zuzendu du (2005, Alberdania), eta Egungo Euskararen Hiztegia zuzentzen ari da 2008tik. Poesia, nobela eta saiakera lan ugari ere kaleratu ditu Sarasolak; besteak beste, Euskara batuaren ajeak (1997, Elkar) eta Gerraondoko euskal poesiaren antologia. 1945-1964 (1973, Lur).


