Iñaki Gonzalez amaratarra bere etxea galtzeko arriskuan dago
Iñaki Gonzalez (Amara,1944) bere etxea galtzeko arriskuan dago. Herreran zuen lokala eraberritzeko mailegua eskatu zion Kutxabanki. Lehen urteetan interesak besterik ez zituen ordaindu behar, eta egunean zeramatzan ordainketak. Amortizazioa gehitzean, ordea, arazoak hasi ziren. Izan ere, 417 euroko pentsioa jasotzen baitu Gonzalezek, eta bere etxebizitzaren hipotekari eta bestelako gastuei erantzun ondoren, 125 euro besterik ez baitzaizkio gelditzen bizitzeko. Zorra kitatzeko aukerarik ez zuenez, Kutxabanken eskuetan gelditu zen lokala. Hala ere, erakundeak zor dizkion 12.000 euroak eta gastu legalen beste 23.000 euro eskatzen dizkio. Dirurik ez duenez, bere ondasunen zerrenda eskatu du Kutxabankek bahitzeko. Ondasun bakarra, bikotearekin erdibana duen etxebizitza da. IRUTXULOKO HITZAk Gonzalezekin hitz egin du bere egoeraz. Biharko zenbakian argitaratuko du elkarrizketa.