Hamaika telebistaren webgune berrituak aurkeztu dituzte
Hamaika.tv eta Hamaikadonostia.tv webguneen itxura eta egitura berriak aurkeztu dituzte. Hamaika Telebistako langile Inaxio Esnaolak komunikabideak Interneten duen presentzia “estatiko izatetik dinamiko izatera” pasatu dela azaldu du diseinu berriaren aurkezpenean.
Hamaika duela bi urte iritsi zen Donostiara. Jaio eta urtebetera heldu zen hirira euskara hutsezko programazioa duen telebista katea. Ordutik webgune “soila” izan du. Hori dela eta, Hamaika.tv teknologien aurrerapenekin bat egiteko diseinatu dute berriro. Hasierako orriaren antolaketa, albiste eguneratuei emandako garrantzia eta Ikusleen txokoa izeneko atala dira Esnaolak eta Hamaika Telebistako zuzendari nagusiak nabarmendu dituzten berrikuntzetako batzuk.
Hasierako orriak eguneko albisterik garrantzitsuenekin batera, programazioa ere erakutsiko du. Esnaolak adierazitakoaren arabera, “Aldaketaren bat gertatuko balitz, bertan azalduko da”. Era berean, sarreran bertan izango dute ikusleek bere edukiak telebista katearekin konpartitzeko bidea. Izan ere, Ikusleen txokoa atala erabili nahi baitute hartzaileek Hamaika Telebistan zein webgunean bertan ikusi ahal izango diren edukiak igortzeko.
Bestalde, Hamaika.tv eta Hamaikadonostia.tv webguneen eta telebista katearen arteko lotura erabatekoa dela azaldu dute; zuzenean telebista ikusteko aukera ez ezik, albistegietako berriak ere ikus daitezkeelako bertan. Hain zuzen ere, hainbatetan, telebistako albistegian baino lehenago ikusi ahal izango dira informazio piezak.


