Kontsumitzailearen asteburua, Cristina Enean
Atzo Kontsumitzailearen Nazioarteko Eguna zen, eta harekin bat eginez, Cristina Enea Fundazioak kontsumitzailearen asteburua ospatuko du, bihar eta etzi. Horretarako, familia osoarentzat jarduerak antolatu dituzte, ingurumenarekiko arduratsuagoak diren kontsumo ohiturak ezagutzera emateko.
Bihar, Behibi’s taldearen Rosi Erosi txotxongilo ikuskizuna izango da, 17:00etan. Rosik markako gauzak erostea gustuko du, gainontzeko gauzak mespretxatuz, bere lagun Jon Kepa barne. Gurasoek ezin diote nahi duen guztia eman Rosiri, eta merkataritza gune batean abandonatzea erabakitzen dute. Saioa euskaraz egingo dute, eta doakoa da.
Etzi, berriz, Ez zaitez kontsumitu tailerra egingo dute, 12:00etan. Ekimen parte hartzaile honen xedea, gure bizimoduak dakartzan ondorioei buruz hausnartzea da.
