Euskaltzaleek, harro, Erdialdeko kaleak hartu dituzte
Euskaraz Bizi Egunak, jai ekimenei ez ezik, aldarrikapenei ere egin die tartea. Larunbateko goizean eta arratsaldeko lehen orduetan Parte Zaharra girotu eta gero, 18:45ean, Bulebarretik abiatu eta Erdialdeko kaleak hartu dituzte euskaltzaleek. Manifestazio jendetsua Euskalduna naiz eta harro nago leloarekin egin da. Eguzkia lagun izan dute jardunaldi osoan zehar, baina manifestazioa abiatzearekin batera ur tanten bisita jaso dute hiriko kaleak zeharkatu dituzten herritarrek. Manifestariek, baina, eguraldiari muzin egin eta, harro, euskararen aldeko leloak oihukatu dituzte.