Arrazakeriaren aurkako XV. martxa aurkeztu dute
SOS Arrazakeriak, Euskadiko GGKEn Koordinakundeak eta MedicusMundik Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aukako XV. martxa antolatu dute: Zurrumurruen aurkako Martxa. Etorkinenganako aurreiritzi eta estereotipoen aurka lelopean igandean egingo duten mobilizazioa. 11:30ean irtengo da Pasaiatik. Urtetik urtera mobilizazioarekin bat egiten duten elkarteen kopurua hazi egiten da; aurten, 56 erakundek euren atxikimendua adierazi dute. Azken hiru urteetan bezala, Usandizagako Diseinu Grafikoko ikasleak Martxa ezagutarazteko komunikazio kanpainaz arduratu dira. Poteekin egindako zaratarekin irudikatu dituzte zurrumurruak; eta sirena soinuarekin, horiei aurre egiteko beharra. Horregatik, mobilizazioan parte hartzen dutenek poteak eskuetan dituztela egingo dute Trintxerpeko azokatik Bulebarrera bidea. Alarma soinua, berriz, Internacional erloju dendarena izango da, bere sirenak joko baitu 13:00ak aldera mobilizazioa iristean.