Euskal Herria Zuzenean lehiaketaren finalerdia Intxaurrondo kultur etxean egingo dute
Ipar Euskal Herriko jaialdiak lankidetza hitzarmena sinatu du Donostia Kulturarekin
Martxoaren 23an, ostirala, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak antolatutako lehiaketaren final erdia egingo dute Donostian. Intxaurrondoko kultur etxean egingo dute, 21:00etan. Hiru musika talde lehiatuko dira zuzenean, egunean bertan hautatuko dute hurrengo apirilaren 14an Biarritzeko Atabal aretoan joko duen taldea. Bukaeran, Nafarroako Vendetta taldeak joko du. Puro infierno disko berria aurkeztuko dute.
Ipar Euskal Herriko jaialdiak eta Donostia Kulturak mugaz gaindiko hitzarmena sinatu berri dute. Musikaren alorrean egiten diren ekimen eta sorkuntza egitasmoen inguruan hartu emanak bultzatu nahi dituzte. Bi erakundeek Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko loturak indartu nahi dituzte eta mugak urteetan eragin duen etena gainditu nahi dute.
Donostiako taldeak EHE jaialdian
Hiru urteko lankidetza hitzarmena sinatu dute eta ondorengo ekimenak jasotzen ditu bere baitan. Alde batetik, Donostia eta Gipuzkoako musika taldeak eta artistak Ipar Euskal Herrian ezagutzera ematea. Euskal Herria Zuzenean jaialdiko eszenatoki batean (Antxarteta) lekua egingo diete Donostia Kulturak hautatutako talde batzuei. Bestalde, EHZ jaialdiak antolatutako lehiaketako irabazleak Donostiako Aste Nagusian joko du.